Zubiak eraiki ditugu

Iepale!

Aspaldi erabiltzen dugu Telegram. Bi talde. Gure barne eztabaidetarako bata eta elkartearen komunitatearekin berba egiteko bestea.

Azkenaldian software Librea sustatzen duten talde askok beraien eztabaida taldeak Matrix izeneko berehalako mezularitza software libre eta banatu instantzia desberdinetara migratu dituzte. Gure artean hausnartu ostean (eta Librezalek egindako proposamen bat medio), hemendik aurrera, nahi duenari, aukera emango diogu gurekin Matrix bitartez txateatzeko.

Utziguzue hobeto azaltzen.

Telegram, bezero librea duen berehalako mezularitza sistema bat da, baina Telegramek erabiltzen duen zerbitzariaren softwarea ez da librea. Urte nahikotxo pasatu dira sortzaileek zerbitzariaren softwarea askatuko zutela esan zutenetik, baina momentuz, ez da horrela izan. Askatzeko asmorik ez izatea leporatzen diegu software librearen aldeko aktibista askok.

Matrix, berehalako mezularitza sistema libre eta banatua da, jaiotzatik. Hala nahi duenak, Matrix zerbitzari bat instalatu dezake bere ordenagailuan, hauei instantzia deitzen zaie. Instantzia hauek erabiltzeko bezeroak (adibidez Riot), libreak dira baita. Matrix bezeroa instalatzen duzunean zein istantziako erabiltzailea zaren esan beharko diozu (adibide bat jartzearren, mastodon.eus-en gertatzen den bezala).

Aspaldi ireki genuen, barne probak egiteko, hack.in#badkaigu Matrix gela. Elkartean, Matrix mezularitza sistemak beharrezkoa duen heldutasun maila daukala ikusi ostean, Matrix sustatzea erabaki dugu. Baina, ez dugu Telegram kanala kenduko, izan ere, komunitateko kide asko ez dira teknologian adituak eta saila egiten zaie Telegram bezalako zerbitzu “libreak” erabiltzeari ustea.

Helburu horrekin lotu dugu Matrix -> Telegram eta Telegram -> Matrix. Zubi hori baliatuz, elkartearen Matrix gela eta Telegram taldea elkartu ditugu. Hau da, Matrix gelan esaten dugun guztia Telegram taldera helduko da (Telegrameko kideek ezer egin behar izanik gabe) eta alderantziz, Telegramen eztabaidatzen dena Matrix gelara helduko da. Hortaz, hala nahi duenak Telegram taldea utzi dezake eta Matrix gelan sartu. Ez du mezurik galduko. Berdin-berdin Telegramen jarraitu nahi duzuenontzat. Telegram taldean lasai geratu zaitezkete, ez duzuelako mezurik galduko.

Software librearen eta sare banatuen aldeko beste apustu bat baino ez da. Mastodon.eus aurkeztu zenean Twitter erabiltzeari “utzi” genion bezala egin nahi dugu berehalako mezularitza ekosistema berri honekin.

Ahaztu orduko, nola ez, eskerrak eman nahi dizkiogu Librezale taldeari beraien baliabideak gurekin elkarbanatzeagatik. Izan libre, izan euskaldun ūüėČ

Izan libre, erabaki.