Posta zerrenda berria abiatu dugu

Urteak dira gure posta zerrenda bertan behera uztea erabaki genuela, azken finean, herriko talde bat izanik askoz eraginkorragoa zen guretzako asanblada bat deitu eta bertan eztabaidatzea. Baina… nola aldatzen diren gauzak kamarada!

Garai berrien aurrean gaude eta gardentasuna, talde lana eta fisikoki geratzeko denbora eza dela eta (gehitu honi elkartekide bat Euskal Herritik kanpo joan dela) posta zerrenda berriz martxan jartzea erabaki dugu.

Beraz, software librea, hardware librea, sare askeak… gustuko badituzu eta gurekin gai hauen inguruan hausnartu nahi baduzu batu zaitez gure posta zerrenda berrira.

Guztion artean estreinatuko dugu 😉

Hack.in#badakigu 4.0: Webgune berria baino zerbait gehiago

2016 honetan hamar urte bete dira elkartea sortu genuenetik eta garaia zen webgunea berrizteko. Azken WordPress bertsioak eta Librezalek euskarara itzultzen egindako lan itzela aprobetxatuz begi aurrean duzun hau muntatzea erabaki dugu.

#hb1010 ekintzen barne elkartea zaharberritzeko/eboluzionatzeko egin beharreko lan batzuk zehaztu ditugu eta ikasturte honetatik hasita modu desberdin baten lan egiteko autua egin dugu. Horregatik logo berria, g1nkana-ren lanketa… eta hemendik aurrera etorriko diren beste horrenbeste ekintza. Adi ibili.

Ez dugu webgunearen historikoa migratu, webguneko albiste zaharrak irakurri nahi dituzuenok historikoa.hackinbadakigu.net helbidera jo dezakezue, bertan aurkitu baitituzue.

Hack.in#badakigu: harreman bide berriak

Elkartearekin harremanetan jartzeko betiko bideei beste aukera batzuk gehitu dizkiegu. Baraz, hemendik aurrera hurrengoak dira hack.in#badakigu-rekin harremanetan jartzeko bideak:

  1. Webgunea: albisteak irakurtzeko eta elkartearen berri izateko lekurik onena.
  2. Twitter kontua: betiko moduan, betiko erara 😉
  3. “Hack.in#badakigu” Telegram taldea: software eta jakintza librearen inguruan eztabaida irekiak emateko leku aproposa, irekia eta euskalduna.
  4. “Hack.in#badakigu albisteak” Telegram kanala: elkarteko albisteak jaso baina eztabaidetan ez sartzeko aukera ematen duen erreminta. Denboraz larri zaudetenontzat 😉

Bihartik hasita proiektu berriak aurkezten joango gara, adi.

Hack.in#badakigu: asanblada irekia

Elkartearen hurrengo asanblada irekia Abenduaren 28an, arratsaldeko 18:30etan, Bermeoko Kabidxe gune Sozialean izango da. Asanbladaren helburua 2016-2017 ikasturteko helburuak zehaztea izango da.

Etortzera animatzen zareten guztiok ongi etorriak izango zarete.

Ondo segi.