shutdown -h now

Hilabeteak daramatzagu albiste hau nola eman pentsatzen eta erabakia nola bideratu aztertzen. Sinez gaitzazue, ez da erabaki erraza izan.

Ibilbidea 2006-an hasi genuen, herritik eta herriarentzat sortutako erakunde tekno-politiko bezala. Hasiera ez zen erraza izan. Garai horiek erabat desberdinak ziren, orduan arraro begiratzen gintuzten trenean portatilla erabiltzeagaitik, GNU edo Linux hitzak frikiekin lotuta zeuden. Orduko frikoi barre egiten ziguten askok gaur egun GNU eta Linux oso ondo ezagutzen dituzte, beraz, gure lana ondo egin dugulakoan gaude. Umorez gogoratzen dugu ordenagailuen erabileraren etikaren inguruko eztabaidak.

Orduko egoera aztergu genuen eta teknologia askeak eraldaketa sozialerako ezinbesteko tresna bezala identifikatu. Helburu anitz genituen, besteak beste, teknika jendarteratzea, teknologia libreen erabilera sustatzea, pribatutasunari buruz eztabaidatu eta bere berri ematea, eta, gainera, euskara teknologiaren munduan integratzeko lehen harriak jartzen laguntzea.

Hamabost urte hauetan makina bat ekimen gauzatu ditugu: install party-ak, mota guztietatko tailerrak (hardware eta telekomunikazioak barne), hackmeeting-ak, eta abar. Euskal Herri erditik joan gara pribatutasun tailerrak egiten. Eta nola ahaztu ud4kamp-a?

Baina atzeko planoko prozesuak baliabide larregi irensten hasi dira 80. hamarkadatik berrerabiltzen dugun gure hardwarean, eta jakin badakigu gure taldeari eskeintzen dizkiogunak geroz eta mugatuagoak direla, ezinbesteko dituen baliabideak ezin eskaintzera heldu arte. Agur esateko unea iritsi dela erabaki dugu. hack.in#badakigu irailaren 16an itxiko da eta bere proiektu guztiak bertan behera geratuko dira (norbaitek proiektu bat bere gain hartu nahi badu gurekin berba egitea dauka jarraipena adosteko). Eta ireki genuen moduan itxiko dugu zikloa, zarata handirik egin gabe.

Hack.in#badakigu itxi egiten da, baina talde hau osatzen dugun aktibistok ez goaz inora, burujabetza teknologikoaren, kultura librearen eta euskararen inguruan lanean jarraituko dugu, gure ekarpena egin dezakegula uste dugun eremu eta lantalde guzti guztietan. Izan ere, hack.in#badakigu-ren itxierak gure konpromezuen berrespena dakar: konprometituta jarraitzen dugu talde honek urte guzti hauetan defendatu izan dituen balio eta jarrera teknologiko eta politiko guztiekin, eta etorkizunean berauek defendatzeko lanean jarraituko dugula adierazten dugu. Modu horizontal, parte-hartzaile eta asanblearioan: herritik eta herriarentzat.

Bukatzeko, bide hau gurekin batera egin duzuen guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu. Asko izan gara eta ibilbide ederra izan da, ez egin zalantzarik. Jarrai dezagun nork beretik denona dena eraikitzen.

Eskerrik asko.

Hurrengoa arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

2 × 5 =