Hack.in#badakigu informatika elkarte askea

Hack.in#badakigu informatika elkarte askea, herritik eta herriarentzat sortutako erakunde tekno-politikoa gara. Teknologia bere osotasunean ulertzen dugu, alor desberdinak ikertuz: teknologiak jendartean dauzkan ondorioak, teknologiaren bidezko antolakuntza herritarrak erabaki politikoetan daukan garrantzia, erabaki politikoek teknologian eta jendartean daukaten eragina, egoera geopolitikoaren inguruko gorabeherak, kultur digitala, lan baldintzak, etab.

Hausnarketa honi esker landu beharreko ildoak identifikatzen ditugu. Gure helburua, jendartearen garapenean eta giza eskubideen inguruan lanean ari diren norbanako zein eragileak ahalduntzea da teknologia askeak erabiliz, azken hauek eraldaketa sozialerako ezinbesteko tresnak direlako. Horretarako, identifikatutako ildoak lantzeko plangintzak diseinatzen ditugu. Hauen baitan hitzaldiak, tailerrak, komunikazio eta koordinazio kanpainak eta ikastaroak jorratuz. Garapenean era aritzen gara: Software, hardware zein telekomunikazio sareak garatzen, dokumentazioa sortzen edo eta euskarara itzultzen. Beti ere jakintza askearen filosofian oinarriturik: jakintza elkarbanatuz eta elkarlanean arituz

Erabakiak modu asanblearioan hartzen ditugu, kide guztien ekarpenak era berdintsuan kontutan hartuz eta baloratuz, talde barruan parte-hartzea sustatuz. Jatorrizko herrien eskubide zibil eta politikoak defendatzen ditugu, bai eta beraien hizkuntza eskubideak: Geure kasuan, euskaldunonak. Elkarte euskaldun eta euskaltzalea garenez, jarduna euskaraz egiten dugu, ingurune teknologikoa bezalako ingurune berritzaileetan normaltasunez erabiliz.

Giza eskubideen garapenean dihardugun heinean, ama lurraren babesean, elkartasunean eta parekidetasunean oinarritutako elkartea gara. Beraz, ez dugu sekula jarrera atzerakoirik onartuko. Besteak beste: homofobia, sexismoa, inperialismoa, arrazismoa edo eta prekarietatea.