Autodefentsa digitalaren hastapenak Durangoko Azokan

Egun garrantzitsu bat daukagu esku artean, Azaroak 7.

Ondo dakizuen moduan asteburu horretan ospatzen da Durangoko Azoka eta Hack.in#badakigu informatika elkarte askea Kabi@ gunean izango gara “Autodefentsa digitalaren hastapenak” tailerra burutzen.

Bertan, Android sistema eragilea oinarritzat hartuz gure komunikazioak modu pribatu eta seguruago batean lantzeko oinarrizko kontzeptuak landuko ditugu hiru orduko tailertxo batean.

Oinarrizko jakintza horiek, gure eguneroko bizitzan komunikazio digitalak pribatutasunez burutzeko aukera eskainiko digu, eta bide batez, tailerra eta geroko egunetan gai honen inguruan nola joka genezakeen hausnartu nahi dugu.

Tailerra guztiz praktikoa izango da, ariketa ugari eta txapa gutxi, eta aipatu bezala Azaroaren 7an burutuko dugu arratsaldeko 16:30etan hasita.

Tailerrean parte-hartzeko ez da izenik eman behar, nahikoa da bertaratu eta gurekin batera lanean hastea, baina oso gomendagarria izango da zuen Android sistema eragiledun telefono mugikorra eta tableta ekartzea tailerreko ariketak jarraitzeko 🙂

Beraz badakizue, nahi izatekotan gurekin hitzordua daukazue Azaroaren 7an arratsaldeko 16:30etan Durugoko Azokako Kabi@ gunean.

Ez hutsik egin.

Herrien neurrirako ekonomia digital baterantz

FairCoop mundu mailan eragina izan nahi duen kooperatiba ireki eta parte-hartzailea da. Bere proiektuen baitan FairCoin izena duen moneta digital bat aurkitzen da, moneta honen helburua sistema ekonomiko kapitalistari alternatiba sortzeaz gain, gaur egungo ekonomian lekua ez duten pertsonei lekua egitea da.

Hack.in#badakigu informatika elkarte askea Bilboko FairCoop taldearekin harremanetan jarri gara beraien esperientzia Euskal Herriko txoko txikietan, eta bereziki gure herrian, nola zabaldu litekeen jakin nahian.

Martxoaren 9an arratsaldeko 19:30etan, ikuspuntu antikapitalista batetik ekonomia sozial eta parte-hartzailearen inguruan berba egingo dugu KABIDXEn.

Animatu eta parte-hartu.

Posta zerrenda berria abiatu dugu

Urteak dira gure posta zerrenda bertan behera uztea erabaki genuela, azken finean, herriko talde bat izanik askoz eraginkorragoa zen guretzako asanblada bat deitu eta bertan eztabaidatzea. Baina… nola aldatzen diren gauzak kamarada!

Garai berrien aurrean gaude eta gardentasuna, talde lana eta fisikoki geratzeko denbora eza dela eta (gehitu honi elkartekide bat Euskal Herritik kanpo joan dela) posta zerrenda berriz martxan jartzea erabaki dugu.

Beraz, software librea, hardware librea, sare askeak… gustuko badituzu eta gurekin gai hauen inguruan hausnartu nahi baduzu batu zaitez gure posta zerrenda berrira.

Guztion artean estreinatuko dugu 😉

Hack.in#badakigu 4.0: Webgune berria baino zerbait gehiago

2016 honetan hamar urte bete dira elkartea sortu genuenetik eta garaia zen webgunea berrizteko. Azken WordPress bertsioak eta Librezalek euskarara itzultzen egindako lan itzela aprobetxatuz begi aurrean duzun hau muntatzea erabaki dugu.

#hb1010 ekintzen barne elkartea zaharberritzeko/eboluzionatzeko egin beharreko lan batzuk zehaztu ditugu eta ikasturte honetatik hasita modu desberdin baten lan egiteko autua egin dugu. Horregatik logo berria, g1nkana-ren lanketa… eta hemendik aurrera etorriko diren beste horrenbeste ekintza. Adi ibili.

Ez dugu webgunearen historikoa migratu, webguneko albiste zaharrak irakurri nahi dituzuenok historikoa.hackinbadakigu.net helbidera jo dezakezue, bertan aurkitu baitituzue.

Hack.in#badakigu: harreman bide berriak

Elkartearekin harremanetan jartzeko betiko bideei beste aukera batzuk gehitu dizkiegu. Baraz, hemendik aurrera hurrengoak dira hack.in#badakigu-rekin harremanetan jartzeko bideak:

  1. Webgunea: albisteak irakurtzeko eta elkartearen berri izateko lekurik onena.
  2. Twitter kontua: betiko moduan, betiko erara 😉
  3. “Hack.in#badakigu” Telegram taldea: software eta jakintza librearen inguruan eztabaida irekiak emateko leku aproposa, irekia eta euskalduna.
  4. “Hack.in#badakigu albisteak” Telegram kanala: elkarteko albisteak jaso baina eztabaidetan ez sartzeko aukera ematen duen erreminta. Denboraz larri zaudetenontzat 😉

Bihartik hasita proiektu berriak aurkezten joango gara, adi.

Hack.in#badakigu: asanblada irekia

Elkartearen hurrengo asanblada irekia Abenduaren 28an, arratsaldeko 18:30etan, Bermeoko Kabidxe gune Sozialean izango da. Asanbladaren helburua 2016-2017 ikasturteko helburuak zehaztea izango da.

Etortzera animatzen zareten guztiok ongi etorriak izango zarete.

Ondo segi.