Pribatutasunaren behatokia V1.0: bertsio egonkorrera heldu gara

Kaixo adiskideok,

Pribatutasunaren behatokiaren lehen lotura 2016an gorde genuen. Urte berean sortu genuen Telegram kanala eta proiektuari egin genion azken ekarpena Mastodon-eko profil bat sortzea izan zen.

Gaur arte, modu oso prekarioan kudeatzen genuen proiektu hau: XML fitxategi bat baino ez zen. Hemendik aurrera, Shaarli software librea erabiliz loturak modu egokiagoan kudeatzeko aukera eskaintzen digun proiektua daukagu esku artean. Pribatutasunaren behatokiko V1.0 bertsio egonkorra.

Pribatutasunaren behatokia V1.0: itxura berria.

Pribatutasunaren behatokia irakurtzea gustuko duzuenontzat bide berriak irekitzen dira:

Norberak aukeratu dezala 🙂

Bukatzeko, blog bat badaukazu eta Pribatutasunaren behatokian biltzen dugun edukia gustuko baduzu, lortura guztiak zure blogean eguneratzen joateko aukera eskaintzen dizugu. Horretarako, RSS jarioa erabili dezakezu.

Eta momentuz horrela lagunok, astiro, baina bagoaz.

Ondo izan!

Zubiak eraiki ditugu

Iepale!

Aspaldi erabiltzen dugu Telegram. Bi talde. Gure barne eztabaidetarako bata eta elkartearen komunitatearekin berba egiteko bestea.

Azkenaldian software Librea sustatzen duten talde askok beraien eztabaida taldeak Matrix izeneko berehalako mezularitza software libre eta banatu instantzia desberdinetara migratu dituzte. Gure artean hausnartu ostean (eta Librezalek egindako proposamen bat medio), hemendik aurrera, nahi duenari, aukera emango diogu gurekin Matrix bitartez txateatzeko.

Utziguzue hobeto azaltzen.

Telegram, bezero librea duen berehalako mezularitza sistema bat da, baina Telegramek erabiltzen duen zerbitzariaren softwarea ez da librea. Urte nahikotxo pasatu dira sortzaileek zerbitzariaren softwarea askatuko zutela esan zutenetik, baina momentuz, ez da horrela izan. Askatzeko asmorik ez izatea leporatzen diegu software librearen aldeko aktibista askok.

Matrix, berehalako mezularitza sistema libre eta banatua da, jaiotzatik. Hala nahi duenak, Matrix zerbitzari bat instalatu dezake bere ordenagailuan, hauei instantzia deitzen zaie. Instantzia hauek erabiltzeko bezeroak (adibidez Riot), libreak dira baita. Matrix bezeroa instalatzen duzunean zein istantziako erabiltzailea zaren esan beharko diozu (adibide bat jartzearren, mastodon.eus-en gertatzen den bezala).

Aspaldi ireki genuen, barne probak egiteko, hack.in#badkaigu Matrix gela. Elkartean, Matrix mezularitza sistemak beharrezkoa duen heldutasun maila daukala ikusi ostean, Matrix sustatzea erabaki dugu. Baina, ez dugu Telegram kanala kenduko, izan ere, komunitateko kide asko ez dira teknologian adituak eta saila egiten zaie Telegram bezalako zerbitzu “libreak” erabiltzeari ustea.

Helburu horrekin lotu dugu Matrix -> Telegram eta Telegram -> Matrix. Zubi hori baliatuz, elkartearen Matrix gela eta Telegram taldea elkartu ditugu. Hau da, Matrix gelan esaten dugun guztia Telegram taldera helduko da (Telegrameko kideek ezer egin behar izanik gabe) eta alderantziz, Telegramen eztabaidatzen dena Matrix gelara helduko da. Hortaz, hala nahi duenak Telegram taldea utzi dezake eta Matrix gelan sartu. Ez du mezurik galduko. Berdin-berdin Telegramen jarraitu nahi duzuenontzat. Telegram taldean lasai geratu zaitezkete, ez duzuelako mezurik galduko.

Software librearen eta sare banatuen aldeko beste apustu bat baino ez da. Mastodon.eus aurkeztu zenean Twitter erabiltzeari “utzi” genion bezala egin nahi dugu berehalako mezularitza ekosistema berri honekin.

Ahaztu orduko, nola ez, eskerrak eman nahi dizkiogu Librezale taldeari beraien baliabideak gurekin elkarbanatzeagatik. Izan libre, izan euskaldun 😉

Izan libre, erabaki.

Autodefentsa digitalaren hastapenak Durangoko Azokan

Egun garrantzitsu bat daukagu esku artean, Azaroak 7.

Ondo dakizuen moduan asteburu horretan ospatzen da Durangoko Azoka eta Hack.in#badakigu informatika elkarte askea Kabi@ gunean izango gara “Autodefentsa digitalaren hastapenak” tailerra burutzen.

Bertan, Android sistema eragilea oinarritzat hartuz gure komunikazioak modu pribatu eta seguruago batean lantzeko oinarrizko kontzeptuak landuko ditugu hiru orduko tailertxo batean.

Oinarrizko jakintza horiek, gure eguneroko bizitzan komunikazio digitalak pribatutasunez burutzeko aukera eskainiko digu, eta bide batez, tailerra eta geroko egunetan gai honen inguruan nola joka genezakeen hausnartu nahi dugu.

Tailerra guztiz praktikoa izango da, ariketa ugari eta txapa gutxi, eta aipatu bezala Azaroaren 7an burutuko dugu arratsaldeko 16:30etan hasita.

Tailerrean parte-hartzeko ez da izenik eman behar, nahikoa da bertaratu eta gurekin batera lanean hastea, baina oso gomendagarria izango da zuen Android sistema eragiledun telefono mugikorra eta tableta ekartzea tailerreko ariketak jarraitzeko 🙂

Beraz badakizue, nahi izatekotan gurekin hitzordua daukazue Azaroaren 7an arratsaldeko 16:30etan Durugoko Azokako Kabi@ gunean.

Ez hutsik egin.

Herrien neurrirako ekonomia digital baterantz

FairCoop mundu mailan eragina izan nahi duen kooperatiba ireki eta parte-hartzailea da. Bere proiektuen baitan FairCoin izena duen moneta digital bat aurkitzen da, moneta honen helburua sistema ekonomiko kapitalistari alternatiba sortzeaz gain, gaur egungo ekonomian lekua ez duten pertsonei lekua egitea da.

Hack.in#badakigu informatika elkarte askea Bilboko FairCoop taldearekin harremanetan jarri gara beraien esperientzia Euskal Herriko txoko txikietan, eta bereziki gure herrian, nola zabaldu litekeen jakin nahian.

Martxoaren 9an arratsaldeko 19:30etan, ikuspuntu antikapitalista batetik ekonomia sozial eta parte-hartzailearen inguruan berba egingo dugu KABIDXEn.

Animatu eta parte-hartu.

Posta zerrenda berria abiatu dugu

Urteak dira gure posta zerrenda bertan behera uztea erabaki genuela, azken finean, herriko talde bat izanik askoz eraginkorragoa zen guretzako asanblada bat deitu eta bertan eztabaidatzea. Baina… nola aldatzen diren gauzak kamarada!

Garai berrien aurrean gaude eta gardentasuna, talde lana eta fisikoki geratzeko denbora eza dela eta (gehitu honi elkartekide bat Euskal Herritik kanpo joan dela) posta zerrenda berriz martxan jartzea erabaki dugu.

Beraz, software librea, hardware librea, sare askeak… gustuko badituzu eta gurekin gai hauen inguruan hausnartu nahi baduzu batu zaitez gure posta zerrenda berrira.

Guztion artean estreinatuko dugu 😉

Hack.in#badakigu 4.0: Webgune berria baino zerbait gehiago

2016 honetan hamar urte bete dira elkartea sortu genuenetik eta garaia zen webgunea berrizteko. Azken WordPress bertsioak eta Librezalek euskarara itzultzen egindako lan itzela aprobetxatuz begi aurrean duzun hau muntatzea erabaki dugu.

#hb1010 ekintzen barne elkartea zaharberritzeko/eboluzionatzeko egin beharreko lan batzuk zehaztu ditugu eta ikasturte honetatik hasita modu desberdin baten lan egiteko autua egin dugu. Horregatik logo berria, g1nkana-ren lanketa… eta hemendik aurrera etorriko diren beste horrenbeste ekintza. Adi ibili.

Ez dugu webgunearen historikoa migratu, webguneko albiste zaharrak irakurri nahi dituzuenok historikoa.hackinbadakigu.net helbidera jo dezakezue, bertan aurkitu baitituzue.

Hack.in#badakigu: harreman bide berriak

Elkartearekin harremanetan jartzeko betiko bideei beste aukera batzuk gehitu dizkiegu. Baraz, hemendik aurrera hurrengoak dira hack.in#badakigu-rekin harremanetan jartzeko bideak:

  1. Webgunea: albisteak irakurtzeko eta elkartearen berri izateko lekurik onena.
  2. Twitter kontua: betiko moduan, betiko erara 😉
  3. “Hack.in#badakigu” Telegram taldea: software eta jakintza librearen inguruan eztabaida irekiak emateko leku aproposa, irekia eta euskalduna.
  4. “Hack.in#badakigu albisteak” Telegram kanala: elkarteko albisteak jaso baina eztabaidetan ez sartzeko aukera ematen duen erreminta. Denboraz larri zaudetenontzat 😉

Bihartik hasita proiektu berriak aurkezten joango gara, adi.

Hack.in#badakigu: asanblada irekia

Elkartearen hurrengo asanblada irekia Abenduaren 28an, arratsaldeko 18:30etan, Bermeoko Kabidxe gune Sozialean izango da. Asanbladaren helburua 2016-2017 ikasturteko helburuak zehaztea izango da.

Etortzera animatzen zareten guztiok ongi etorriak izango zarete.

Ondo segi.

Euskararen g1nkana herrikoia: badator, badatorrela!

Hack.in#badakigu informatika elkarte askeak hamar urte bete dituen honetan zerbait berezia egin nahi dugu teknologia berriak, software librea eta euskara uztartzeko asmoz. Horretarako, eta urte guztian zehar burutuko diren beste ekintza batzuen artean, EUSKARAREN GINKANA [beta] esku artean duzun hau, prestatu dugu.

EUSKARAREN GINKANA [beta] joko hau entretenigarri bezain didaktiko eta erraza da, edonork parte-hartzeko modukoa. Eta hiru gauza ahalbideratuko ditu. Lehenik eta behin, teknologia berriak eta software librea sustatu, hori baita elkarte honen asmo fundazionala. Bigarrenik, euskara sustatu eta hirugarrenik euskal kultura eta zehazki Bermeoko kultura sustatu eta zabaldu.

Prest?

Bilatu herritik zehar kokatuko ditugun 10 QR-Codeak abenduaren 2tik aurrera (arratsaldean jarriko ditugu)!

Seguntasun digitalaren hastapen tailerra Gasteizen

Kaixo lagunok, aspaldi daramagu hemen ezer idatzi gabe.

Gaurkoan Hala Bedi irrati libreak antolatu dituen “izan media: herri komunikazio tailerrak” tailerren berri eman nahi dizuegu, bereziki elkarte honek software librearekin jorratuko duen segurtasun digitalaren hastapena tailerra.

Maiatzaren 7an izango da, Gasteizen eta informazio gehiago eskuratu nahi baduzue hemen doakizue kartela.

Animatu eta parte hartu.