Home Bloga

KKKP – Larunbata, 2010.eko Maiatzak 15, Astigarreta

Hemen gara beste behin ere KKKP bat aurkezten. Oraingoa Astigarretan izango da eta betiko moduan lagun arteko giroa sustatuko dugu, beraz badakizue, animatu eta etorri :)

Zer da?

  • Bazkari bat da. Bazkalostea hitzaldi/eztabaida, tailer edo beste edozerekin girotuko dugu. Beti pertsona ezberdinek antolatzen dute, eta aldi bakoitzean leku ezberdin batean.
  • Katxarreatu eta ondo pasatzeko elkartzen gara.
  • Edozeinek apunta daiteke, jatea ere ez da derrigorrezkoa.

Jakin oraingoan Bartzelonako lagun batzuk ere izango ditugula euren proiektu berritzaile bat aurkezten “Bartzelonako HackerSpaces”-ak.

Lekua: Astigarreta

Ordua: 12etan bilduko gara :)

Hitzaldiak:

XSSer, buscando vulnerabilidades en XSS
~@~
La libertad de la información
~@~
HackerSpaces Barcelona, reinventando el concepto de Hacklab

Eta ez ahaztu, ekarri diru apur bat janaria ordaintzeko eta ondo pasatzeko gogo asko :)

 

Aselen aldeko jaialdia zuzenean

 

 

Badator hainbeste itxarondako jaialdia!

Badakigu zuotariko asko ezin izan zaretela etorri, sarrerarik gabe gelditu zaretenok azkenengo aukera izango duzue Bermeoko Kafe Antzokiko takillan bertan. Gurekin egon ezin zaretenok eta Asel kontuan hartuta, jaialdia internet bidez jarraitzeko aukera eskeini nahi izan dizuegu.

Zuzenean, kamera txikia eskuan hartuta eta modu pertsonalean, jaialdiko giroa denbora errealean internet bidez jarraitzeko aukera eskeini nahi izan dizuegu, momentu oro gertatzen ari denaren berri izan dezazuen. Honetaz gain, gai honen inguruan Twiterren bidez interneten komentatzen dena zuzenean jarraitzeko aukera izango duzue.

Hau guztia eta beste sorpresatxo batzuk http://jaialdia.aselaskatu.org/ web orrialdean.

Etxean zaudetela? Lanean zaudetela? Txoko/Lokalean zaudetela?

Internet izanez gero, ez ezazue aukera hau galdu; parte hartu eta adierazi zuon elkartasuna Aseli. Momentuz web orrialdea itxita dago, baina jaialdia baino zertxobait arinago irekiko dugu giroa sortzen hasteko, beraz, adi Twitter sareari eta Aselaskatu webguneari, hor emango bait dugu irekiearen berri.

 


 

 

KKKP Andoaingo gaztetxean

Hurrengo KKKPa Andoainen, Otsailak 27

Otsailak 27an Andoaingo gaztetxean elkartuko gara.

Oraingo honetan teoria alde batera utzi eta alde praktikoa landuko dugu gehienbat:

  • OpenSimulation
  • Arduinora sarrera
  • Audioa sarean netjack2 erabiliz

12:00etan hasiko gara eta 14:00-15:00 artean bazkalduko dugu.

Animatu parte hartzera! Jatera etorri behar baduzu, abisatu zuretzat ere janaria egiteko

Andoaineko gaztetxea Aita Larramendi kalean dago.

 

Amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi

Zorionak proiektuak parte hartu duzuen guztioi, sari hau ez da merezi ez dugun ezer :)

2010eko INTERNET alorreko ARGIA sariarekin elkarlana, informazioa eta berrikuntza uztartu dituen ekimen bat saritu nahi dugu.

Baliabide handiegirik eduki gabe, baina konpromiso handiarekin hedabide nagusiek eman ez zuten informazioa eskaini duen proiektu parte-hartzaile bat.

Euskal Herriko zazpi bazterretatik nork bere ordenagailua, mugikorra eta kamera erabilita ekimen honetako partaideek iazko mobilizazio garrantzitsuenetako baten berri eman zuten sare sozialak erabiliz, baita zuzeneko bideo emisioak ere.

Internetek informazio alternatiborako eskaintzen dituen aukera berriak noraino iristen diren erakusteagatik 2010ko INTERNETEKO ARGIA SARIA GREBAOROKORRA.INFO webgunearentzat da.

ZORIONAK!

Zorionak eman nahi dizuegu hack.in#badakigu elkartetik mobilizazioetan parte hartu zenuten guztioi Smile

 


 

GO GO GO!!!

 

Asel Askatu

Nor da Asel?

Asel Luzarraga Zarrabeitia, Punkamine taldearen kontzertu batetan ezagutu genuen. Pertsona alaia eta konprometitua da Asel. Pertsona alaia da berarekin gurutatzen zaren guztietan inoiz etzaiolako irrifarra eta umore ona falta eta berarekin ateratzen zaren bakoitzean, bai paseoan, poteoan edo parranda gauetan, beti duelako zer kontatu, eta bete txispa berezi horrekin kontatzen duelako. Pertsona konprometitua da, iniziatiba aurrerakoi eta sozial ugaritan parte hartu zuelako eta parte hartzen duelako, baita software librea erabiltzen eta sustatzen, behin GNU/Linuxeko ikastaro bat eman genion Smile Inork Aselek zer pentsatzen duen jakin nahi izango balu, anarkismoan aurkituko luke horren erantzuna, baina ez da punki anarkista antisistema prototipoa. Bere iritzi politiko kritiko propioa eraiki baitu, teoria politiko ezberdinei buruz irakurriz eta hausnartuz. Lanbide aldetik, enpresa zientzietan eta euskal filologian lizentziatua dugu Asel, urte batzutan zehar bigarren hezkuntzako irakaslea izan zen Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolan. Haurren artean literatura zabaltzen eta itzulpenak egiten ere aritu zaigu. Egin dizkigun kultur ekarpenak ere ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula, argitalpen ezberdinetan parte hartzen du, lau liburu idatzi ditu (Hamaika ikspilu ganbil (2003), Karonte (2005), Mozorroaren xarma (2007) eta Abaraska (2008)) eta Punkamine musika taldeko abeslari ohia dugu Asel laguna. Honetaz gain bi blog pertsonal mantentzen ditu: Bata goiena.net-en duena eta bestea Gorribeltzean izenekoa.

Atxiloketa

2009ko abenduaren 31ko arratsaldean, lehergailu bat aurkitu zuten Txileko "La Araucanía" eskualdeko Justizia idazkaritzan. Lehergailua bolbora beltzez betetako su-itzalgailu batez egin zen eta txaleko batez estalia zegoen idazkaritzak atarian duen lorategian. Atentatuak huts egin zuen, gailuak ez zuen leher egin, detonazio mekanismoan hutsegitea izan zuelako.

Hau gertatu eta ordu batzuk beranduago Asel atxilotu zuten Padre Las Casas-en, bera bizi den hirian, atentatuaren egilea bera zela leporatuz. Cristian Dulansky Araya-k, Txileko La Araucanía eskualdeko Cautín probintziako gobernadoreak, kereila bat jarri zuen Aselen aurka Txileko Berme Epaitegian, epaileak onartu egin zuen auziaren hasieran. Atxilotutakoan, bere etxea miatu zuten eta iturri ofizialek diotenez, bertan, su-itzalgailu bat, bolbora eta metxa bat aurkitu zuten.

Asel atxilotzeko aurreko lan guztia eginda zegoela eta bere etxean aurkitutako guztia peritatu behar zela argudiatuz, Omar Mérida fiskala Txileko lege antiterroristaz baliatu zen Asel 5 egun gehiagoz aurreneurrizko espetxealdian izateko eskatzeko. La Araucanía eskualdeko eta honen Cautín probintziako hiriburua den Temuco-ko Berme Epaileak, Marcia Castillo Monjes-ek, eskaera hau onartu zuen. Aurreneurrizko espetxealdi hau 2010eko urtarrilaren 6ko goizeko hamarretan bukatzen da Txilen, Euskal Herrian eguerdiko ordu biak izango lirateke. Momentu honetan Aseli 2008ko abendutik 2009ko abendura bitartean antzeko lehergailuekin burututako lau atentatuekin zerikusia izatea leporatzen diote, baina ez inolako kargu zehatzik.

Ezadostasunak

Atxiloketa honekin zalantzak eta ezadostasunak egon dira. Aipagarriena Hommodolars kontrainformazio webgunean agertzen den artikulu honetan irakur dezakegu.

Hommodolarsen dakarrenaren arabera, estatua atentatuaren atzean dauden arduradunen bila dabil. Cristián Cancino izeneko beste pertsona baten kasua ere aipatzen dute, Cristianek bere kasua muntaia zela salatzen du. Gainera miaketetan aurkitzen diren elementuak benetan bertan aurkitu dituztelaren teoria kolokan jartzen du, modu zuzenean esan gabe. Euren esanetan, sistema hau erabiltzen dute, auzipetuei aurreko atentatuekin zerikusia dutela leporatzeko. Gainera estatuak kriminalizazio pack bat duela dio, non espetxeratuei etzaien kargu bakarra leporatzen, baizik eta bi edo ta hiru, eta akusazioak suposapenetan eta susmoetan oinarritzen direla. Ondoren, Patricio Rosende barne idazkariordeak denbora dela esan zuena gogorarazten digute: Txilen zeuden euskal herritar batzuk zelatatzen ari zirela, eta hau atxiloketa egin zen bizkortasunarekin erlazionatzen dute, ordu batzuk geroago atxilotu bait zuten Asel.

Honetaz guztiaz gain, Vanessa Contreras-ek, Aselen neskalagunak, bere mutilagunaren errugabetasuna babesten du, berak ere muntaia argudiatuz. Beti zeudela elkarrekin eta abenduaren 31ko atentatu horrekin zerikusirik ez zuela.

Gure iritzia

Guk ere gure ezadostasuna adierazten diogu Txileko gobernuari Aselen atxiloketa eta espetxeratzea dela eta. Ez dugu Txileko gobernuaren sinisgarritasuna kolokan jarri nahi, baina argi dugu Aselen errugabetasuna. Aseli ez zaizkio kargu zehatzak leporatu. Atentatua detektatu eta ordu gutxitara atxilotu zuten, beraz, zalantzak ditugu egindako ikerketen ondorioetaz, hauei eskeinitako ordu kopuru urria dela eta. Hala ere, oraindik Txileko epaileriak ez du azken hitza esan, eta oraindik badaukagu Txileko auzitegiek Asel errugabea dela ikusiko dutenaren itxaropena. Ez da Asel aske ikusteko nahia gure itxaropena elikatzen duen gauza bakarra, Asel ezagutzen dugun orok, errugabea dela sentitzen dugu gure barnean, badakigulako errugabea dela.

Hau guztia dela eta, Asel Luzarraga Zarrabeitia lagunaren askatasuna eskatzen diegu Txileko gobernu eta auzitegiei. Ez dago bere aurkako kargu zehatzik, eta herrialde demokratikoetan auziperatuaren errua da frogatu behar dena, eta ez bere errugabetasuna, errugabetasun-presuntzioa Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko berme garrantzitsuenetarikoa bait da. Aseli aplikatu zaion aurreneurrizko espetxealdia errugabetasun-presuntzioaren kontrakoa da, eta zigor zuzenbidean, aurreneurrizko espetxealdia inputatuak ihes egiteko edo honek ikerketa kaltetzeko arriskua dagoenean aplikatzen da, eta Aselen kasuan, espetxealdi honek ez du baldintza hauetariko bakarra ere bete.

Maila pertsonalean zein hack.in#badakigu informatika elkarte moduan, gure elkartasuna adierazi nahi dizkizuegu Aselen senide eta lagun guztiei. Elkartearen lan esparrua internet izanik, gure eskura dauden bitarteko guztiak erabili beharrean ikusten dugu gure burua Aselen askatasuna lortzeko, eta horretan ari gara. Bukatzeko, gure besarkadarik beroena helarazi nahi dizuegu. Zuen samina geure egiten dugu, zuoi egin dizuten moduan, guri ere bihotzaren zatitxo bat giltzapetu digutelako gure lagun Asel espetxeratu duten unean.


Bermeotik Txilera inoiz baino ozenago oihukatzen dugu: ASEL ASKATU!!!

hack.in#badakigu informatika elkartea

 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 Hurrengoa > Amaiera >>

Orria: 1 Guztira: 4
Asel askatu!
La lista de Sinde
 
puntueus

 

Valid XHTML 1.0 Transitional